XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GEORGIAKO KATHOLIKOS-EKIN HIZKETAN. Oinharrizko euskara

Uztailaren 4a zen.

Holaxe agertzen da behintzat egunero idazten nuen egunkaria.

Egun eguzkitsua zen.

Goizean, hotelean gosaldu ondoren, Xotha Rusthaveli izeneko Literatur Institutura joan nintzen, goizero bezala.

Bertan Sergo Serebryakov errusiar irakaslea, eta Nestan eta Darejan georgiar andereñoak lagun harturik, Sioni-ko elizarantz abiatu nintzen.

Tbilisiko eliza zahar horren ondoan Georgiako katholikos-a bizi zen, Georgiar kristau orthodoxoen elizburua.

Bezperan beragana joanak ginen, baina gizona oso lanpeturik zegoen.

Haren idazkariak, gizabide handiz, otoi eskatu zigun biharamunean bihurtzeko, katholikosek egun hartan astirik ez zuelako.

Eta holaxe egin genuen.

Nik kuriositate haundia nuen hura ezagutzeko.

Alde batetik beragatik hainbeste gauza entzunak nituelako.

Georgiako Herria, aintzinatik kristautua izan arren, ez omen da inoiz izan fededun beroegia.

Italiako misiolariak, horregatik, kexu ziren aurreko mendeetan ere.

Orain, gobernu komunistaz, gauzak lehenagoko eran daude.

Igandeetan elizak jendez betexeak dira, zaharrez bereziki, baina gazteak ere ez dira falta, bai neskak eta bai mutilak.

Astegunez aldiz beata eta serora batzu besterik ez dira egoten, ate ondoko domina-saltzaile eta eskale mozkortiren batekin.

Jatetxeetan, behin baino gehiagotan entzuna nuen, brindisen artean, hauxe: (Gora Ilia, gure katholikos gaztea).

Brindis aski pitxia, mahaikide guztiek, haien arteko asko Alderdi Komunistakoak izan arren, aho batez brindisarekiko akordioa Amin (amen) batez agertzen zutela kontutan harturik.

Pentsa dezagun, esaterako, hemengo komunistak Aita Sainduaren aldeko brindisak egiten!

Nor eta nolakoa zen, bada Ilia hori?

BERE ETXEAN

Bere etxera heldu eta handik bost bat minututara, berarekin zegoen bisitari agur egin ondoan, gu errezibitu gintuen.

Ilia Meore hau da Elias Bigarrena berrogeita gutti urtetako gizona zen.

Bizarduna, aurpegiz apal baina adimen sakona salatzen zuten begi batzuren jabea.

Bere langelan esererazi gintuen eta bertan euskaldun anaia (baski dzma) bat ikusteak asko pozten zuela esan zidan.

Berak, georgiar guztien antzera, ba zekien, irakurriz, ba zegokeela nola edo halako ahaidetasun bat euskaldun eta georgiarren artean, gure hizkuntzek elkarren antza zuketela, eta ni hara hori aztertzera joana nintzela jakitean neure lanean arrakasta opa zidan.

Georgieraz hitz egiten genuen, inoiz Nestan, frantsesez, pasarte zailen baten itzultzaile zelarik.

Oso boz leuna zeukan, eta astiro mintzatzen zen, hitzak oso ederki ebakiz.

Esan zigunez, kristautasuna Georgiara aski goiz sartu zen.

Izan ere, Nizeako lehen kontzilioan (325. urtean) Trenbizonda eta Pitsundako apezpiku georgiarrak egon ziren, baina georgiar Herriagana kristau mezua lehenik sartu zuena, tradizioak uste duenez, Nino saindua izan zen, Kappadoziako andre gatibu bat, VI mendearen hasierakoa.

Hori dela eta Nino emakume-izena oso entzuna da gaur Georgia osoan.

Jadanik 337. urtean, kristautasuna Kartliko georgiar erresumaren erlijio ofiziala bilakatu zen, eta harez gero Elizak izugarrizko eragina ukan du Georgiako politikan eta kulturan.

Lehen denboretan Georgiako Eliza Antiokiako patriarkaren agintepean zegoen, baina V mendearen bukaeran burujabe bihurtu zen, bere patriarka propioa, katholikos izenekoa, izendatuz.

GEORGIAKO ELIZAREN KULTUR ERAGINA

Bertako Elizak hasieratik egin zuen kultur lan eskergari esker, V mendean Biblia georgieraz itzulia izan zen.